Zortzigarren etxera bidaia
Bernardo Atxagaren azken eleberria irakurtzen ari nintzela (Zazpi etxe frantzian, Pamiela, 2009) ezin ahaztu nuen Joseph Conraden Heart of darkness liburua. Yangambiko basoetatik zetozen tximuen oihuen artean, Kurtz-en «The horror! The horror!» deiadarra falta zen bakarrik. Modu berean, Chrysostome-n, eleberriko pertsonaia baten, izaera espiritualak Marlow-en oihartzuna ere ekartzen zidan belarrietara.
Atxagak obra honetan Obaba fantastikoa alde batera utzi du, eta ez hura bakarrik, baita Euskal Herri osoa ere -nahiz eta keinu bat edo beste egiten duen-. Ihes egin du XX. mende hasierako Afrika kolonialera. Chrysostome Liège, Force Publiqueko militar aparta, punteria bikainekoa, Kongora iristearekin batera hasten da nobela. Han Leopoldo II.ren zerbitzupean dauden beste kide batzuk ezagutzen ditu, bakoitzak Yangambin –Kongon- egoteko motibazio ezberdinekin. Eta motibazio horien azalpena da, eleberria berezi egiten duena.
Atal bakoitzak pertsonaia bat hartzen du zentro bezala, bere pentsamendu eta desirak erakutsiz. Berehala nabaritzen du irakurleak, nola postu militarreko biztanleentzako, idazleak izaera konplexuak eraiki dituen. Aipatutako Chrystosome militar purua da, Jainkoaren legeak errespetatzen dituen horietakoa. Horregatik, guztien haserrea eragiten du. Yangambi delako garaiko bekatuaren herrialdeetako bat.
Beste pertsonaia garrantzitsu bat Lalande Biran kapitaina da. Poesia zale amorratua izateaz gainera, poeta ere badena. Zazpi urte daramatza Kontinente Beltzean erregearentzat kautxua eta marfila biltzen. Irabaziekin emaztearen ametsa bete nahi du: Frantzian zazpi etxe edukitzea.
Hirugarrena, Van Thiegel tenientea. Izaki kaotikoa, inbidiaz eta zekenkeriaz osatuta dagoena. Orokorrean burua zatituta dauka eta pentsamendu kontraesankorrak izaten ditu.
Koktel interesgarria da asteasutarrak eskaintzen diguna. Interesgarria eta bere azkeneko lanetatik asko aldentzen dena. Batek baino gehiago pentsa dezake Nobel saria lortzeko ezin dela Euskal Herriaz bakarrik idatzi. Beste batek, nobela honen eta Gizona bere bakardadean (Pamiela, 1993) eleberriaren arteko parekotasunak aurki ditzake –bereziki azken ataletan–.
Baina liburua amaitzean, gauza bat argi izan dut bederen: gu geu ere, Yangambiko hainbat soldadu bezala, noizbait zortzigarren etxerako bidaia hasiko dugu.











abril 21st, 2009 at 11:29
Egia esan lehen aldiz eleberri honi buruz entzun nuenean, Conrad-en liburuan pentsatu nuen ere. Interesgarria iruditu zait idatzi duzuna, eleberriari aukera bat emango diot.
abril 29th, 2009 at 20:38
Ola Harri, zure deustoko ikaslehoi maitekoena nauzu, hementxe zure web-ean lerro batzuk idazten (euskeraz!). Esan nizuz pasako nintzela ta hemen nago.
Nik ez det Atxagarena irakurri egile honek sorzen didan errefusa izaki. Errefus irrazionala. Nire aitonak Woody Allen gorroto du ta ez du inoiz bere filmerik ikusi. Bueno, niri berdina gertatzen zait Atxagarekin. Freudek irakatsi zigun ezin genituela gure pulsio libidinosoak gainhartu.
Conrad-en liburua bestalde iraurri dut, ta baita gozatu ere. Egia da lehenago filma ikusi nuela ta beraz liburuko pasarte asko neure kabuz imaginatzeko aukerarik enuela izan; baina hain lan zoragarria izanik, ez zitzaidan batere inporta. Kurtz Marlon Brando zen neure buruan, Marlon Brando burusoil egundoko ura; baloreen galera, mendebaldeko moralaren antitesi erikorra. Itzala. Eta enuen ulertzen, etzitzaidan otzen bera etzen beste Kurtz bat imagina zitekeenik.
Oso gertutik ezagutzen dut nik Kurtz. Azken urteotan, batzuetan Kurtz bera nintzela pentsatu dut.
Ahí es nada.
Besarkada bat ta jarraitu idazten!